Gehiengoak nahi zuen baino beranduago bada ere, duela bost urte ETAk USB memoria batean hainbat hedabideetara bidali zuen oharrak itxaropena, poza eta ilusioa piztu zituen gizartean. Herritarren borondateari men egin, eta gatazka politikoa bide demokratikoetatik konpontzeko ate bat ireki zuen erakunde armatuak, Aieteko Adierazpenak eskatutako baldintza onartuta. «Gatazka politikoari konponbide justu eta demokratikoa emateko aukera historikoa» mahai gainean zegoela aipatu zuen ETAk, eta, bost urteren ondoren, mahai gainean dago oraindik: aukera historikoa, alegia.
Gauza gehiegi ez dira aldatu: espetxeetako egoera, eskubide politikoen urraketa, herri honek bizi duen militarizazioa —ETAk ordezkatzen zuen hori baino askoz ere zentzu zabalagoan ulertuta, jakina— eta Euskal Herriaren nazio ukapena, besteak beste.
Gauza batzuk, baina, aldatu egin dira: hamaika lagunek ez dute bizkartzain beharrik, eta lasai ibil daitezke, tiro batek edo bonba batek txikituko dituen beldurrik gabe. Belaunaldi gazteentzat, ETA historiako pasadizo bat bihurtzen ari da, eta gatazkak lehentasuneko kontua izateari utzi dio herritar gehienentzat. Baina gertatu denaren kontakizuna oraindik idatzi gabe dago, eta egoera horretan nekez egin ahal izango da hori alde ezberdinen artean adostuta. Horrek nekez egingo dio onik puskatutako elkarbizitzari.

HIZPIDEAK
Bost urte ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu