Correscales: Bilbo eta Bartzelona arteko 800 kilometroko ibilbidea, korrika, erreleboz errelebo, gaurtik asteartera, prekaritatearen aurka eta duintasunaren alde. Bidean bistaratuko dituzte lan baldintza kaskarrak, bidegabekeriak eta, batez ere, prekaritateari aurre egiteko borroka eta ekinaldiak. Hangoak eta hemengoak. Guztiak egoera partikularrak; baina arrazoi, oinarri, arduradun, erabaki eta egoera beraren ondorio. Guztiak borroka isolatuak eta, kasu batzuetan, zatituak; baina erakutsi, partekatu eta saretu beharrekoak. Movistarreko kontratek eta azpikontratek Katalunian egindako greba luzea eta sortutako elkartasuna da abiapuntua. Euskal Herrian ere badira halako garaipen txiki-handiak, hilotzez eta etsipenez betetako errealitatean.
Prekaritateak bere gain hartzen ditu krisi ekonomikoaren aitzakian orokortu diren hainbat jokabide: pribatizazioak, azpikontratazioak, behin-behinekotasuna, esplotazioa, lan eskubideak murriztea, lan baldintzak okertzea... Ezinbestekoak direla sinetsarazi nahi izan dute. Zaparrada egoera ekonomikoaren ondorioa dela, berezkoa. Krisia aukera bihurtu behar zela zioten eta aukera baliatu duten horiexek, beren eta lagunen poltsikoak betetzeko.
Herritar eta langile askok amore eman dute. Korrika egiten hasita, errazagoa baita ihes egitea. Beste asko zoriontasun faltsu batean bizi dira, kartolak jarrita; baina agian laster egokituko zaie korrika egin behar izatea. Mugitzea, behintzat.

HIZPIDEAK
Correscales, mugitu beharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu