jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Defentsa

2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez du sinesten «demokratikoki aukeratutako erakundeak ordezkatzeko alternatibetan». Hala aitortu zion atzo Borja Senper PPko legebiltzarkideari, horrek Gure Esku Dago-ren galdeketez itaunduta. Lehendakariak ez du aintzat hartzen, ordea, gehienetan mugimendu sozial eta herritarrak ez direla sortzen erakundeak ordezkatzeko, baizik eta herria ordezkatzeko eta herri horren nahia bideratzeko. Eta hori gertatzen da, batik bat, herritar talde batek sentitzen duenean erakundeek ez dutela ordezkatzen.

Mugimendu sozial eta herritarrek asko eman diote herri honi, hainbatetan erakundeei —demokratikoak izan edo ez— zegozkien ardurak hartuz. Eta ez da hori ahaztu behar, horrelako lanek gehiago dutelako ematetik, jasotzetik baino. Euskal Herrian azken urteetan erabakitzeko eskubideari buruz egin den pedagogia guztia Gure Esku Dago-ri zor zaio hein handi batean, eta Gure Esku Dago, urte hauetan, ez dira hizki soil batzuk izan, horien atzean dauden milaka boluntarioak eta botoa eman duten 220.000 lagunak baizik, alderdi eta ideologia askotarikoak, EAJkoak barne.

Iturri horretatik ere edango du etorkizunean «erakundeek kudeatuta adostutako eta legezko kontsulta batek», inoiz egiten baldin bada. Bitartean, borondatez egiten den lan hori eskertu besterik ezin da egin, eta defendatu. Demokrazia, erakundeetan ez ezik, herri mugimenduetan ere bai baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.