jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Egonean egon

2017ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikusiko duzu non egongo naizen. Egon behar dudan lekuan egongo naiz». Beraz, karguan daramatzan lau urte eta erdian egindakoa ikusita, ez da egongo ez Irunen eta ezta Hondarribian ere. Ea Irungo alarde mistoa babestera joateko asmorik baduen galdetu zion EH Bilduk atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, eta horixe erantzun zuen, dagokion lekuan egongo dela. Aldarrikapenetatik eta gatazkatik kanpo, urrun. Urkullu ez da bakarra. Haien ardura politikoari eta instituzionalari uko egiten jarraituko dute Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun nagusiek, horietako gehienak Urkulluren alderdi berekoak —Denis Itxaso sozialistak iaz Gipuzkoako diputatuorde nagusi lanetan egindako keinua salbuespena izan da bi hamarkadotan—.

Ohi bezala, Emakundeko ordezkariak egongo dira Irunen eta Hondarribian alarde parekideak babesten, Jaurlaritzaren izenean. Baina ez da nahikoa. Berdintasunarena emakumeen auzia ez den moduan, berdintasunarena ez da Emakunderen auzia soilik Eusko Jaurlaritzaren barruan. Eta, lehendakariak eta sailburuek beste zenbait gaitan eta ekitalditan parte hartzeko, esku hartzeko eta agertzeko duten erraztasuna ikusita, are ageriago geratzen da alardeetako hutsunea. Desfilearen egunekoa, urte osokoa eta bi hamarkada hauetakoa.

Behin betiko konponbidea ez dagoela bere esku esan zuen Urkulluk. Arrazoi du. Baina badu zer egina eta zer eragina, aintzat hartuta, besteak beste, Jaurlaritzako lehendakaria dela eta Hondarribiko alkatea bere alderdikoa dela. Jaurlaritzak mahai instituzional batean ere parte hartzen du: ez du bilerarik egin azarotik.

Alardera joan edo ez joan, alarde mistoak «begi onez» ikusten ditu Urkulluk. Begi onez ikusteaz gain, zuzenean, bertatik bertara ikusteak eta babesteak ere lagunduko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.