inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Erreparazioa

2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak «sexu erasotzat» jo du 2016ko sanferminetan emakumezko bati bost gizonezkok eginiko talde bortxaketa. Nafarroako auzitegien epaia zuzendu eta, neurri batean, justizia egin du gorenak oraingoan. Eta, justiziarekin batera, baita erreparazioa ere. Lehenik eta behin, bortxaketaren biktimarekin. Haren hitza zalantzan jarri baitute prozesu honetan guztian. Bi aldiz biktima bilakatu dute hedabideek, defentsaren abokatuaren estrategiek eta orain arte justiziak hartutako zenbait erabakik.

Auzitegi Gorenak aitortu du baietz, indarkeria erabili zutela emakumea mendean hartzeko. Eta, beraz, ez zela abusu hutsa izan, Nafarroako auzitegiek hala ebatzi arren. Eta, horrela, erreparazioa egin dute gizartearekin ere. Gai hau amorruz eta ulertu ezinda jarraitzen ari ziren Iruñeko, Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko gizarteekin, alegia. Azken finean, egia erreparatu du epai honek, eta biktimari sinesgarritasuna, elkartasuna eta babesa eman dizkioten kolektibo feministek eta bestelako herri taldeek garaipen gozo bat ospa dezakete. Lokartu gabe, zeren eta, kasu honek zerbait agerian utzi badu, hauxe utzi baitu: emakumeen aurkako indarkeria ez dela norbanako ero batzuen kontu soila, baizik eta sinesmen, kultur eta erakundetze sistema patriarkalean ongi txertutako egiturazko auzi sakon bat. Eta horrek, epai honen zapore gozoa desagertzen denean ere, indarrean jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.