Winston Churchillek zioen demokraziaren berezitasuna zela ziur jakitea esne saltzailea dela goizaldean etxeko atea jotzen dutenean. Goiz aztoratu ziren atzo whatsapp-ak, Guardia Zibila abokatuak atxilotzen hasi eta berehala. Eta seinale txarra izaten da whatsapp-ena, Euskal Herrian, aspalditik, ez dabilelako esne saltzailerik etxez etxe. Aspaldi iragarri zien Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek kazetari batzuei presoen abokatuen aurka jotzeko asmoa. Gara-k ohartarazi zuen balizko operazio horretaz, eta agian horrek atzeratu du. Edo agian ez, eta Bilboko presoen eskubideen aldeko manifestazioaren ondorenerako utzi dute, berriz ere erakusteko zein den Madrilen errezeta gai honetan: errepresioa eta eskubideen zanpaketa.
Defentsarako eskubidearena, esaterako. Atzo Madrilen ezker abertzaleko 35 kideren aurka hastekoa zen epaiketa bertan behera utzi dute, auzipetutako batzuk abokaturik gabe geratu direlako. Hori ere inplizituan zihoan Churchillen esaldian. Hots, oinarrizko eskubideak bermatzen dituela demokraziak: adierazteko eta politikan aritzeko askatasuna, epaiketa bidezko bat izateko eta defentsarako eskubidea, errugabetasun presuntzioa...
Jaurlaritzak adierazi du espero duela operazio horrek ez eragitea ETA amaitzeko prozesuan. Eta zer gehiago behar da aitor dezan egoera hau, oinarrizko eskubideen errespetuaren ikuspegitik, jasanezina dela, eta zerbait egiteko prest dagoela horri aurre egiteko?

HIZPIDEAK
Esne saltzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu