Alaba, maitasunik gabeko familia batean; aitak ama jotzenikusten hazten; pobrezia, ezin ikasia eta ezjakintasuna. Bizi beharrez bizibidea ateratzera joana Kamerundik Europara, Afrikako mapa bat eskuan.
Mariam Europara heldu da lau urte gerraz gerra ibili ondoren. Pausoz pauso, herriz herri, oinez, autobusez, ontziz, trenez, tartean geldialdi ugari eginda, bere kontakizunean ezinbesteko aldagaia izan dena lortzeko: dirua.
Dualatik Nigeriara eta Nigerrera; handik Aljeriara lapurrengandik ihesi; talde antolatu batek harrapatu du ihesaldian; ezagun bati laguntza eskatu eta hark gizon batengana bideratu duen arte. Ezagunaren lagunaren esklabo bilakatu da, prostituzio etxe batean.
Beste gizon bati laguntza eskatu behar izan dio handik ateratzeko, baina aurrekoa bezain gaiztoa hura ere. Alde egin du, Marokora: Poliziaren bortxak egin dio ongietorria; hiru urteko mespretxua jasan du ondoren, eskalearen larruan, itsasoratzea lortu arte.
Gurutze Gorriak erreskatatu ditu Fuerteventuratik gertu: ospitaletik atxiki zentrora, eta handik aterpetxe batera. Bilbora iristea lortu du azkenean, eta atseden hartu du Ongietorri Errefuxiatuak taldeko kide baten etxean. Oso eskertuta abiatu da iparralderantz, laguntzarik txikiena dena baita gerraz gerra bizi diren emakumeentzat.

HIZPIDEAK
Europara, gerraz gerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu