Oasiak ilusio optikoak izan litezke, egarriaren itolarriarekin desertuan galduta dabilenarentzat. Eta halako zerbait gertatzen da eskolako hizkuntza ereduekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ume guztiak D ereduan matrikulatuta daudelako ideia zabaldu da, baina hori ez da egia; A ereduan eta B ereduan ume askok ematen dute izena. Eta, gainera, D ereduan ikasten duten guztiek ez dute euskaraz nahikoa ikasten. Datuak eskuetan, zein da emaitza? DBHko ikasleen erdiek baizik ez dute gaitasun on samar bat euskaraz; beste erdiek oinarrizko hitz batzuk ikasten dituzte. Erdiek. Oso urrun dago hori hezkuntza lege berrirako planteatzen ari diren helburuetatik. Baina hori da EAEko Eskola Kontseiluak 2017 eta 2019 arteanegindako ikerketaren emaitza. Eta gero, oasian galduta dabilen herritarra harritu egingo da euskaraz ongi moldatzen ez den gazte batekin topo egindakoan.
Dagoeneko datu gutxi behar dira ameskeriak baztertzen hasteko: gauzak daudenean uztea euskara eta euskal hiztunak kondenatzea da, eta ikasleei euskaraz jakiteko eskubidea eta aukera ukatzea. Eta D ereduaren bizkar erantzukizun guztia uztea gaitz bat da: gizarte, erakunde eta eragile guztien ahalegina izan behar du euskalduntzeak. Lege berria badator: balioko ahal du desertutik ateratzeko.

HIZPIDEAK
Euskararen ilusio optikoa hezkuntzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu