Hamarkada bat darama Beldur Barik programak martxan, gazteekin lanean. Neskak ahalduntzea eta —batez ere, baina ez soilik, mutilen—jokabide matxistak ahultzea helburu. Eta izan da aldaketarik hamar urteotan. Ari da bide bat urratzen —ez soilik Beldur Barik programarik esker, baizik eta, batez ere, mugimendu feministak izandako bilakaerari eta indarraldiari esker—.
Emakumeek kalean beldur barik ibiltzeko, nahi duten orduan, nahi duten tokian eta nahi bezala jantzita irteteko eskubidea dutela aldarrikapen ozen bihurtu da. Nor ez da joan etxera beldurrez, etengabe atzera begira, iluntasunean dena mehatxu dela sentituz? Gazte eta nerabeek Beldur Barik programako jardueretan gehien aipatutako gaien artean dago hori: beldurrari aurre egiteko beharra, beldurrari aurpegia eta izena jartzekoa, erantzun kolektiboa ematekoa...
Baina, egindakoa ez da nahikoa, ezta hurrik eman ere. Iaz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte arteko 1.278 emakumek jarri zituzten salaketak genero indarkeriagatik; egunean hiru salaketa baino gehiago izan zirela esan nahi du horrek.
Gasteizen izandako bortxaketa baten albistea da aurten jaso dugun azkena. Bi gizonek, emakume bat etxe batean bahitu, eta bortxatu egin zuten. Oraingoz azkena da, baina, tamalez, datuei erreparatuta, ez dirudi azkenekoa izango denik.

HIZPIDEAK
Ez azkenekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu