Ohiz kanpoko botereak. Halakoxe botereak izango ditu aurrerantzean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Atzo bere buruari onartu zioenez, ahalmena izango baitu bere ebazpenak betetzen ez dituzten kargu publikoak behin-behinean kargugabetzeko. Denbora mugarik gabe: harik eta desobeditu diren erabakiak betetzen diren arte.
Gainera, balizko kargugabetze horiek ezingo dira errekurritu, eta Kongresuak ere ezingo luke esku hartu. Hain justu, erreforma hau bultzatu zuen PPk izan ezik, beste alderdi guztiak Konstituzionalari ahalmen horiek ematearen kontra egin zuten. Baina aurkakotasunak aurkakotasun —auzitegiko bertako zenbait epaile barne—, erreformak aurrera egingo du.
Atzo gobernu berria aurkeztu zuen PPri berdin dio oposizio guztia kontra edukitzea. Izan ere, erreforma honekin Kataluniako prozesu subiranista oztopatzea lortu nahi zuen nola edo hala. Eta, orain, Carme Forcadell kargutik kentzeko aukera eduki dezake Konstituzionalaren bidez.
Kezka sortzen du botere legegileari bizkar emanda botere judiziala eta betearazlea horrela nahasten dituen gobernu baten pean egoteak. Botere banaketaren gezurra agerian jartzen baitu. Eta kezka hori areagotu egiten da atzotik Espainiako gobernu berria nortzuek osatzen duten jakin ostean.

HIZPIDEAK
Ezohiko botere banaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu