Konfinamendu neurriak malgutzeko eskaria egingo dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: txosten bana bidaliko diote Espainiako Gobernuari, eta azalduko diote Hego Euskal Herria prest dagoela konfinamenduaren bukaerako lehen fasean sartzeko. Ezusterik ezean, datorren astelehenean iritsiko da urrats hori, osasun adierazleetan aldaketa nabarmenik ez badago: herrialde barruko mugikortasuna onartuko dute, tabernak eta halakoak zabaltzen hasiko dira, eta elkarrekin egon ahalko dira senideak eta adiskideak, betiere hamar lagun baino gutxiagoko taldeak osaturik.
Gaur, orobat, alarma egoera luzatu ala ez erabakiko du Espainiako Kongresuak. Beste hamabost eguneko luzapena nahi du gobernuak, baina gero eta arazo gehiago ditu, baita inbestiduran bidelagun izan zituen alderdiekin ere.
Fase aldaketak, egoki egingo bada, ezinbestean hartu behar du aintzat tokian tokiko egoera, eta hori nekez uztar daiteke asteotako zentralizazio joerarekin. Herri txikietan nabarmen bizi izan dute hori: kutsaturik ez, etxeen artean distantzia handia, baina, hala ere, hiri handietan adinako mugak. Herrialdeak jarri ditu subjektu gisa orain Espainiak: herrialdeko egoeraren arabera erabakiko dute fasea aldatu ala ez. Tokian tokiko egoerara egokitzeko, ordea, ezinbestekoa da mapako marretatik harago begiratzea errealitateari: Iruñetik Luzaidera, eta Bilbotik Ubidera, eta Arrasatetik Aramaiora, eta Leitzatik Berastegira.
HIZPIDEAK
Fase aldaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu