Nor egokiago soinekoa kentzeko josi duena baino? Horixe egin berri dute, munduko lasaitasun guztiarekin, urteetan zabaldu zutenek Begoña Urroz umea 1960an Donostian hil zuen bonba maleta ETAk jarri zuen gezurra. Gezurra esaten ari dela badakiena, kontziente egiten duena, ez da okertu: gezurra esan du. Atentatu harekin urteotan guk demokratok egin duguna kontrainformazioaren eskuliburu perfektua da. Helburu politiko bat lortzeko bertsio bat komeni denean, hura zabaldu, eta justu kontrakoa hedatu helburua bukatu denean. Eta kito. Non dago arazoa estrategia horretan Euskal Herriko erakunde publiko eta hedabide pribatu batzuen eta publikoen babes akritikoa eduki bazuten?
«ETA ona/txarra» eztabaida hautsi beharra zegoen, erakusteko garai guztietako ETA guztiak izan direla txarrak eta justifikaezinak; eta zer egokiago horretarako Urroz umearen hilketa baino. ETAren hasierako garaiak ziren, 1960; ume bat biktima, eta inork hartu ez bere gain heriotzaren ardura. Hasierako ETA hura ere, nahiz artean lehergailuak ez jarri, txarra zen —ume bat hiltzeagatik— eta koldarra —ekintza bere gain ez hartzeagatik—.
Onena, herenegun jostunak emandako zuriketa azalpena: «Gertatutakoaren egiazkotasuna, eta hasierako ETAren indarkeriari buruzko ikerketa fidagarririk eza». Adituak dira, omen.

HIZPIDEAK
Gezurra desjanzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu