Gaztea da, gazteegia, ume bat, zuria, eta munduko herri aberatsenetako batean jaioa: Suedian. Neskatxa aberats bat baino ez, histerikoa, txotxongiloa, beti umore txarreko; aspergerra duelako izango da. Eskolan egotea hobe luke, Nazio Batuen Erakundearen bilerara karbono emisiorik isurtzen ez duen belaontzi garesti-garesti batean joatea baino. Bide batez esanda, Casiraghik utzitakoa da belaontzia, Monakoko Carolinaren semeak, eraikuntza enpresa baten jabe denak. Kapitalismo berdearen marketin kanpaina bateko irudia da Thunberg.
Suediarrari buruzko irainen zerrenda amaiezina da.
Jomugan jarri dute aberats gorbatadunek nahiz tximaluze progresistek. Ez dute maite; ez batekoek, ez bestekoek. Emakume izateagatik umetu dute, bere irudia desitxuratu, erdeinatuz buru argitasuna, kemena, inspiratzeko eta erakartzeko gaitasuna, sinisten duenari heltzeko indarra.
Atzo munduko milioika gaztek —milioika emakumek ere bai— mugarri bat ezarri zuten klima larrialdiaz ohartarazteko, Thunbergek ereindako haziaren gainean, eta munduari den bezala eusteko eginahalak egiten dituztenentzat ohar bat egin zuten: etorkizuna gazteena izango bada, sobera daude ordena mantentzearren egiten diren gutxiespenak.

HIZPIDEAK
Greta Thunberg
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu