Ofizialki, azalpenak ematea zuen asmoa, baina pena eman nahi zuela zirudien. Luis Barcenas PPren otzarako sagar ustel bakarra dela adierazi zuen Mariano Rajoyk atzo; bera hedabide eta oposizioko kide konspiratzaileen biktima dela ere bai. Duela gutxira arte, Barcenas ere konspiratzaile horiexen biktima zela errepikatu ohi zuten PPko buruek. Atzo, eskupekoetan jasotako berrogeitaka milioi euro zuritu ei dituen gizona «ustezko errudun» izendatu zuen Espainiako PPko presidenteak. Ukatu egin zuen hogeitaka urtean PPren sos kontuak egiten aritu denak berari —eta alderdikide ugariri— diru beltzez beteriko gutunazalak eman izan dizkiola.
Inork ez zuen espero atzo Rajoy bere buruari harrika hastea. Kongresuan daukan gehiengoak eta oraingoz epairik ez egoteak horretarako beta uzten zion. Hemeroteka ere alde zeukan, besteren harriak saihesteko tresna eraginkor. Alfredo Perez Rubalcaba beleari ipurbeltz deitzen dion zozoaren pare uztea ez da zaila, izan ere. Duela 25 urte PSOEren finantzaketa ustela zen albiste Espainian; Guillermo Galeote diruzainari eta Filesa auziari buruz hitz egiten zuten hedabideek. Erantzukizun politikoa etengabeko oporraldian daukan agintari klase baten argazki biluzia ikus daiteke hemeroteketan. Ez kargu uzterik, ez hauteskunde aurrerapenik.
Argazki horri zerbait ekartzekotan, alderdi politikoen diru iturrien inguruko susmoak are tonu ilunagoa hartzea ekarri zion Rajoyren atzoko agerraldiak.
Nork, zenbat eta zertarako jartzen duen dirua alderdietan, hori da argazkiko lehen planoan inoiz agertzen ez dena.

Hizpideak
Hemeroteken argazkia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu