Hamaika atxikimendu jaso ditu Kontseiluak antolatuta gaur 17:00etan Donostian hasiko den manifestazioak. Euskaraz bizi nahi dut leloari atxiki zaizkie sindikatu nagusiak, gizarte eragile andana eta ehunka banako. Orain artekoa atxikimenduen bilduma izan da. Baina gaur indar erakustaldia egiteko eguna da. Milaka lagunek Euskal Herrian euskaraz bizi nahi izan arren, eta horretarako eskubidea izan arren, normalizazioarantz egin diren urrats ahulek eraginda, gaur gaurkoz Euskal Herrian ez dago euskaraz bizitzerik. Baina herritarren mobilizazioek politikak eta erakundeak mugiarazteko gaitasuna badute, eta gaur ere milaka ahotsek euskaraz aldarrikatuko dute euskaraz bizi nahi dutela.
Gaur lau urte hil zen Mikel Laboa. Hark ere euskaraz bizi nahi zuen; bere errepertorioko hamaika abestik egiten diote dei euskarari. Xalbadorren hitzekin ondutako abestia da horietako bat: «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik berextean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hil hotza».
Hizpideak
Herria eta hizkuntza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu