Elitista, zentralista, klasista... Zenbat adjektibo ez ote dakizkiokeen ipini «ikasle katalanak espainiartzeko» helburuz Espainiako Gobernuak egindako hezkuntzaren erreformari. Baina ikasle katalanena titulu deigarri bat baino ez da, askoz mami gehiago baitu LOMCEk bere barnean. Hezkuntza zerbitzu publiko unibertsal gisa hartzen den edo ez. Jadanik gaindituta zirudien funtsezko gai bat, berriro ere kolokan. Garbi dago nork hartuko dituen ostikorik mingarrienak: gizarteak bazterrera botatako sektoreek, auzo pobreetatik irtendako milaka eta milaka neska-mutilek, Wertek agintzen duen estatu horretan bazterketa arrisku larrian bizi direnek... hirutik batek hain justu ere.
Espainiartasun zaharmindua dario legeari. Eta, Euskal Herritik begiratuta, bi gako horiek —soziala eta nazionala— zital bihurtzen dute Wertena. Ez da denbora kontua, irail honetan edo hurrengoan ezartzea. Gizartea puskatu nahi duen lege bat ezartzea edo ez ezartzea da auzia. Wertek berea egin du. Orain, pilota hasieratik egon behar zuen tokian dago: euskal hezkuntza eragileen esku.

Hizpideak
Hezkuntza eragileen esku
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu