Ur bizietako jaitsierak ezagutzen ez zituztenak ere airean eta urduri jarri ditu Maialen Chourrauten balentriak. 98.65 segundo horietan kanaleko urak ez gainerako guztia izoztu da. Huts bakarra aski da —bi segundoko zigorra— lehiatik kanpo gelditzeko, jaitsiera egingo dutenen artean beti izango baitira hutsik batere egin gabe eta perfekziotik gertu jaitsiko diren hiruzpalau. Horregatik, kontzentrazio handia eskatzen duen kirola da. Bizia bezain zehatza izan beharra dago. Eta Chourraut halaxe jaitsi da, bizi, eta zehatz, batere akatsik egin gabe, eta bigarren sailkatu denari hiru segundoren aldea aterata. Baina ez dira nahikoak kontzentrazioa, bizitasuna eta zehaztasuna; indarra ere behar du, eta kontrola. Oso kirol exijentea da ur bizietako jaitsiera, eta ezaugarri guztiak bikain agertu ditu Chourrautek.
Erabateko sorpresa izan denik ere ezin esan. Erakutsia zuen zertarako gai den —hirugarren egin zuen Londresko Jokoetan eta Europako txapelketa irabazi zuen iaz—, eta argi esana zuen urrea lortzeko lehiatuko zela, hori zuela buruan, ia «obsesio» bihurtzeraino. Beharrezko diren ezaugarriak ez zaizkiola falta erakutsi zuen atzoko bi jaitsieretan, finalerdikoan eta finalekoan. Lanerako grina eta sufritzeko gaitasuna ederki erakutsi ditu aspalditik. Baina, horiez guztiez gainera, zorte pittin bat ere behar izaten da, dena alde ateratzeko, eta atzo dena ongi atera zitzaion Chourrauti.
Zorionak, ur bizietako jaitsierak ezagutzen ez zituztenak ere hunkitzea lortu duzulako.

HIZPIDEAK
Hunkitu ere egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu