Oriol Junquerasek bezperan esan zuen: ezker independentista bilduko duen zerrenda bat osatze aldera, bere siglak uzteko prest dago ERC, irailaren 27ko hauteskunde plebiszitarioetan «Kataluniako Errepublika» erdiestekotan. Artur Masek atzo egin zuen bere proposamena: independentziaren aldeko eragileak bildu eta zerrenda bateratu bat osatzea. Abenduan esana zeukan. Alderdi independentisten ezetza jaso zuen orduan: ezetza berretsi zion ERCk herenegun; aste honetan bertan CiU koalizioa utzi duen Uniok bere zerrenda aurkeztea erabaki zuen atzo, eta alderdiko kritikoek Masen zerrenda babesteko erabakia hartu zuten.
Masek eskaintza zuzena egin die eragile zibilei, ANCri, Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteari, Omnium Culturali... «Presidentearen zerrenda ez, baizik eta presidentearekin zerrenda osa dezaten nahi dut», esan zuen atzo ekitaldi jendetsuan. Zerrenda horretako buru izateari uko egiteko prestasuna ere berretsi zuen Generalitateko buruak.
Katalunia independentea ekar dezaketen bozetarako kanpainaurrea bizkortzen hasia da, zalantzarik gabe. Ilusioa piztu beharraz mintzo dira independentzia ilusio hutsa ez dela frogatu nahi dutenek. Beren esku dagoen jakitun, trena garaiz hartu beharraz mintzo dira, geltokia bertan izanik.
HIZPIDEAK
Ilusioa piztu, ilusioak bete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu