Itxita egongo da bihartik Nafarroa. Mugitzeko askatasuna galarazi eta urruntze soziala ezarriko du gobernuak, COVID-19ak hartu duen malda pikoa lautu nahian. Atzetik doakio Gipuzkoa. Eta ez litzateke harritzekoa Nafarroaren bide beretik ekitea Jaurlaritzak heldu den astean. Ikusiko da ea udaberrian, Bizkaiko datuak txarragoak eta Gipuzkoakoak hobeak zirenean, erabakiak erkidego osoan hartzeari eman zion lehentasunari eusten dion gobernuak orain ere. Adierazgarria litzateke kontrakoa egitea.
Eta, bitartean, erne, zeren ez litzateke harrigarria Madrilek (eta Parisek) euren legea ezartzea, bertako erakundeak mugitu baino lehenago. Atzo jadanik ari zen Espainiako Gobernua gaueko etxeratze agindua ezarriko ote duen aztertzen. Ea hori posible duen alarma egoera indarrean jarri gabe. Konplexua baita auzia. Herritarren oinarrizko eskubideak eta pandemiari aurre egiteko tresnak bateragarri egitea, alegia.
Europak ere bide berari ekin dio. Udako barea itxurazkoa zela erakusten ari da hostoen antzera jausten ari zaigun birusa. Urrundu zela zirudien, Ameriketara, Indiara... Eta etxeko lanak egin gabe harrapatu gaitu atzera ere... Zenbat ospital, ZIUko ohe, osasun langile, mediku eta erizain gehiago ditu Euskal Herriak orain maiatzean baino? Inurria eta txirrita fabula balitz, ez litzateke zaila asmatzea nor den nor ipuin honetan.

HIZPIDEAK
'Inurria eta txirrita'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu