Erregimenak 160 lagun atxilotu ditu otsailaz geroztik, eta preso ditu, epaiketarik gabe. Haien krimenak betikoak dira, eta lau hitzetan laburbil daitezke: askatasun gehiago nahi dute. Siria? Maroko? Jordania? Izan zitezkeen, baina Saudi Arabia da.
Egia esateko, asmatzea ez zen erraza, inork gutxik izan duelako atxiloketa horien berri. Pentsa, Europako Batasuna eta AEBak ere ez dira enteratu. Catherine Ashton EBko atzerri politikako ordezkaria edo Robert Gates AEBetako Defentsa idazkariak giza eskubideei buruz txintxik ez dute esan, azken asteotan Riaden izan diren arren. Horixe salatu du Human Rights Watch erakundeak, eta gogora ekarri du autoritarismoaren neurgailuak matxuratuta jarraitzen duela, interesen menpe.
Harritzekoa ere ez da Mendebaldearen isiltasuna. Saud familiaren etxalde partikularra iraultzaile arriskutsuen aurkako harresia da eta, batez ere, munduaren gasolindegi erraldoia. Hortaz, lasai izan daiteke Saudi Arabiako monarki absolutista. Segi dezala berean, inork ez baitu jakingo.
Hizpideak
Isilean askoz hobe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu