Abuztuak irailetik aurrera askatu beharreko korapiloen aurrekoetan jartzen gaitu. Kea abuztuan, eta irailetik aurrera sua. PPk batzokien finantzaketa jarri du susmopean, Kataluniako Pujol auziaren olatuarekin EAJ ere zipriztindu nahian. PPko Nerea Llanosek bota zuen lehen harria, Euskal Herrian ere Pujol auziaren modukoak egon zitezkeela iradokiz. Oiartzabalek segitu du batzokien finantzaketa auzitan jarriz. Ehunka militantek egindako lan eta ekarpenekin ateratzen direla aurrera erantzun dute EAJk. Jomugan diren herrikoetako hainbat ordezkarik ere mezu bera bidali dute Madrilera: herritarren lanaren emaitza direla, eta ez dituztela indargabetuko. Horientzat soka estuago lotuago dago, nabarmena denez.
Pujol auzia eskandalagarria izanda ere, ordea, hori argitara ateratzeko abaguneak galdera eragiten du. Zergatik orain? Galdeketaren eskaera hain errotua ez balego, Pujol auziak argia ikusiko lukeen ere ikusgai legoke. Ustezko finantzaketa irregularrak ikertu beharko badira ere, PPk hori indar guztiz eskatzeak auzo lotsa eragiten du. Madrilek presioa areagotu egingo du, eta arretagunea desbideratzeko karta gehiago izango ditu ziurrenik mahukapean gordeta. Oraingoz, Masek tinko eusten dio galdeketari. Azaroaren 9an dute eguna jarrita. Eskozian, berriz, irailaren 18an. Bi herri horietan gertatzen denak izango du eragina Euskal Herrian. Keak ez luke arretagunea lausotu behar.
HIZPIDEAK
Ke arteko egunak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu