mikel p ansa
HIZPIDEAK

Kikiltzerik ez

2023ko azaroaren 05a
00:00
Entzun
Euskarak inon aurrera egin badu azkeneko berrogei urteotan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin du aurrera. Nafarroan eutsi bakarrik egiten dio, eta Ipar Euskal Herrian galbidean da. Eta euskarak inon aurrera egin badu, hala izan da adostasun sozial bat sortu delako hura berreskuratzearen alde. Eta adostasun sozial horren parte izan dira legeak, administrazioak, herri gogoa, hezkuntza, euskalgintza, hedabideak, ikerkuntza, eta baita ideologia eta mobilizazioak ere. Diskriminazio positiboa ezartzea ahalbidetu dute horiek, eta horri esker egin du aurrera, egin badu. Atzo Bilboko kaleetan elkartu ziren milaka herritarrek adostasun sozial hori berretsi dute. Kontua da euskara normalizatzeko prozesuan aurrerabide ausartagoak hausnartzen eta lantzen ari zirela etorri dela auzitegietatik oldarraldi bat, orain arteko bide guztia zalantzan jarri duena —ez da kasualitatea, feminismoak ere ongi erakutsi duenez, pribilegioak dituztenek beren nagusitasuna kolokan ikusten dutenean hasten baitira halako erreakzioak eta erasoak; euskara bazterrekoa den bitartean, galbidean dagoen artean, erdaldunak ez dira kezkatuko, eta kontrako jarrerarik ere ez dute izango; hori gertatzen da Ipar Euskal Herrian—. Atzo Bilboko kaleetan agertutako borondateari forma juridikoa eman behar zaio, euskara berreskuratzeko politiketan eta baliabideetan ez atzera egiteko orain. Eragile batzuek asmo horixe izan baitute epai hauekin: euskaldunak kikiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.