Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Kode etiko baten beharra

2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zientzia fikziozko filmetan eta literaturan maiz erabili izan den argudioa da ordenagailu batek, makina batek, adimen artifizial hipergaratu batek mundua bere menpe hartzearena, gizateria ia suntsitu eta kontrolpean hartu arte. Distopia horretan, ordenagailu hori deskonektatzea izan ohi da protagonisten helburua, baina ordenagailuak aurre hartzen du behin eta berriro, azkarra baita, gizakia bera baino azkarragoa eta adimentsuagoa. Akatsetatik errazago ikasten baitu ordenagailuak, gizakiak baino.

Azkenaldian, maiz iristen dira gure sakelako telefonoetara distopia hori uste baino gertuago izan dezakegula dioten albisteak, eta baita adimen artifizialari galga jarri behar zaiola dioten nazioarteko adituen abisuak ere.

Zientziak egiten duen edozein aurkikuntza bezala, erabileran dago gakoa: erabilerak dira okerrak, edo egokiak; eta garrantzitsua da erabilera horri mugak jartzea. Genetikari, adibidez, hainbat muga etiko jarri izan zaizkio, muga horiek gabe izan dezakeen bilakaera neurrigabea saihesteko.

Adimen artifizialak ere aukera asko irekitzen ditu, horietako asko gizakiaren ongizatean erabilgarriak eta desiragarriak; baina adituek uste dute txanponaren ifrentzuari ere erreparatu behar zaiola, garai egokia dela arlo honetan kode etiko bat ituntzeko, distopia zineman eta literaturan gera dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.