HIZPIDEAK

Konparazioak

mikel rodriguez
@MikelR28
2023ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Francesc Macia ERCko buruak «Kataluniako Errepublika» aldarrikatu zuen 1931ko apirilaren 14an, «errepubliken federazio iberiar baten barrenean» —Espainiako Errepublika ezarri zen egun berean—. Espainiako Gobernuak hiru ministro bidali zituen Kataluniara negoziatzera, eta horren emaitza izan zen Generalitatea berrezartzea, eta Espainiako Gorteek autonomia estatutua onartzea. Espainiako Berme Konstituzionalen Auzitegiak, ordea, autonomia higatu zuen, eta, eskuinak Espainian hauteskundeak irabazi ondoren, talka instituzionalera jo zuen. Presio horri «Espainiako Errepublika Federaleko Estatu Katalana» aldarrikatuta buru egin zion Lluis Companys Generalitateko presidenteak, 1934ko urriaren 6an.

Espainiak errepresioarekin erantzun zuen: 3.000 espetxeratu baino gehiago—Companys bera eta gobernukide guziak barne—, autonomia kendu... 1936an, ezkerrak bozak irabazi zituen Espainian, eta aldaketa politiko eta sozialak egiten hasi zen. Horietako neurri bat izan zen Kataluniako auzian amnistia bat ematea. Espainiako eskuinak oldarraldi gogor batekin erreakzionatu zuen aldaketen kontra. Ez da hagitz zientifikoa orainaldiko egoeren eta iraganekoen artean paralelismoak egitea, baina zaila da tentazioari eustea Katalunian eta Espainian 2005etik gaurdaino gertatu denaren ondoren. Espainiako eskuina nola harrotzen ari den ikusita, gaitz erdi 1930eko hamarkadarekin konparatzeko aitzakiak bere horretan gelditzen badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.