inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Kortxoenea

2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kortxoenea gaztetxea hustu eta eraitsi egin dute hondeamakinek. Beste hamaika lekutan ikusitako irudi berak errepikatu dira: makinak, borrak errazegi erabiltzen dituzten poliziak, manifestazioak, agintarien desenkusak...

Bilboko Kukutza gune autogestionatuaren gisan, ezerezean utzi dute Kortxoenea ere, jabetza pribatuaren eskubide «ukiezinen» izenean. Gaztetxeen ekinbide kultural eta eredu sozialak ez dira agintarien gogoko, bistan denez. Gazte ekimentsuen bidea sustatu nahi dutela dioten arren, hori benetan askea denean, ikarak hartzen ditu airean agintariak, ezin dutelako kontrolatu.

Kortxoenea, Kukutza bezala, sekulako ideia eta sormen fabrika izan da. Talde askoren bilerak egiteko gune, herri mugimendu eta antolakunde ugari garatzeko habia eta babesleku. Horrek egin du erreferente, horrek eta auzotarrekin egindako harreman estuak.

Eneko Goia Donostiako alkateak herritar guztien errespetuan agintzeko asmoa azaldu zuen, kargua hartutakoan. Haren aldartea, forma aldetik behintzat, ezin da konparatuIñaki Azkuna Bilboko alkate ohiak erakutsi ohi zuenarekin, hark askoz ere jarrera probokatzaileagoa baitzuen Kukutzarekin eta han aritzen ziren mugimendu eta pertsonekin.

Baina, aldartez aldarte, bien agintearen emaitza berbera da. Eta horrek ez du on askorik esaten Europa osoari bere kultur sorkuntza eta aniztasuna harro erakutsi nahi dizkion hiriaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.