mikel rodriguez
HIZPIDEAK

'Mailu militari'

2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Jose Maria Aznar Espainiako presidentea ohartu zen Europan demokraziatzat homologatuta dagoen estatu batek asmorik ez badu gatazka politiko bat negoziatuta konpontzeko ez dela nahikoa manu militari jokatzea. Irudi hobea ematen duela protagonismoa armak eskuetan dituztenek hartu beharrean, eskuetan egurrezko mailua dutenek hartzea. Hartara, desafiatzaileak zuzenbide estatuari ariko zaizkio buru egiten, ez erregimen bortitz bati. Europarra izateak eskatzen duen itxurari eutsita, eta arerioarekin politika egiteko beharrik gabe.

2006an, Mariano Rajoyren gidaritzapean, PPk Auzitegi Konstituzionalean helegitea paratu zion Katalunian eta Espainian onartu zuten estatutuari. PPk bi irakaspen nagusi atera zituen: bata, ez zela gatazka politiko odoltsu baten beharrik kontu politikoak auzitegietara eramateko; eta, bertzea, oposiziotik ere zapuztu zezakeela estatuaren negoziazio bat gatazka politiko batean.

2023an, berriz, Alberto Nuñez Feijook adierazi du PSOEren gobernu batek Kataluniako alderdiekin amnistia bat negoziatzen badu auzitegietan salatuko duela. Ez harritu eskuina Espainian gobernura itzuliko balitz, urriaren 12an legioaren eta ahuntzaren gibeletik epaileak ere desfilatzera bidaltzea togaz jantzita eta mailua eskuetan dutela, gatazka politikoak mailu militari konpontzen direla irudikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.