Gizartearen bizkarrezurreraino sartuta dagoen maskulinitate eredu tradizionalak sustatzen dituzte futbolak eta jai giroak, Emakundek saritu eta hainbat adituk egin berri duten ikerlanaren arabera. Alegia, maskulinitate eredurik erasokorrena eta lotsagabeena arraina uretan nola mugitzen dela halakoetan, bestelako guneetan baino are harroago eta onartuago.
Eredu horren abaroan atera litezke gizonen jarrerarik makurrenak, andreak berentzako objektu balira bezala hartzen dituzten usterik errotuenak. Kirolak —eta futbolak nabarmenki— biderkatzen duen tribuaren babes gozo horretan uler daiteke bakarrik hedabideetan edo bestelako esparru formaletan planteatzea gizon kirolari ezagun batek «neska-laguna lapurtu» diola beste bati. Halakoak ez dira asmakizunak, sarritan gertatzen direnak baizik, urrutira joan beharrik izan gabe.
Festak elikatzen duen giro patriarkal erasokorrean izu gaua egokitu zaio sanferminetako lehen egunean 19 urteko emakume bati. Bost gizonezko atxilotu dituzte hura bortxatu izana leporatuta. Sanferminetako lehen egunean. Duela zortzi urte Diego Yllanesek Nagore Laffage bortxatu eta txikitu zuen egun berean. Urteak badoaz. Erakundeen kanpainak badatoz. Eta oraindik ere sanferminak tranpa beldurgarri bat dira emakume askorentzat. Zergatik eta noiz arte?

HIZPIDEAK
Maskulinitate eredua festetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu