mikel p ansa
HIZPIDEAK

Mobilizazioa

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mobilizazioa —norbait zerbait egitera bultzatzeko indar hori— ez da ezerezetik sortzen, sarritan ez da arrazionala. Bai, agian,batzuentzat, ideologizatuenentzat; baina gehienentzat, sentimenduek bulkatu ohi dituzte ekintzak. Eta zerk bultzatzen du jendea mobilizatzera, adibidez oraingoa bezalako hauteskunde giro batean? Beldurra da mobilizatzeko arrazoi handi bat. Gogoratu besterik ez dago Espainiako eskuina EAEko aginte organoetara iristeko izuak zer boto olde mobilizatu zuen Ibarretxeren alde. Orduan hainbeste indarrik gabe, baina oraindik ere hauspotzen dira mamuak: independentisten beldurra elikatzen da; euskaldunen beldurra; terroristena; eskuin muturrarena; venezuelarrena. Alderdi bakoitzak bere mamuak astintzen ditu.

Bada inor mobilizarazteko beste indar edo bulkadarik. Ilusioa, adibidez. Ez dira sumatu ilusioaren metxari eragin dioten mezu asko kanpainan; beharbada gero eta eszeptikoagoa delako gizartea.

Baina ilusioak baino indar handiagoa izan dezake beste motor batek: mobilizazioaren helburu den ekintza horrek zerbaiterako balio izatea. Nekez mobilizatzen da inor, irabazteko aukerarik ikusten ez badu; bere ekintzak balio ez badu. Horregatik, gaur —inkestek asmatzen badute—, eremu batzuetan aspaldiko abstentzio handiena izan dezakete. Independentziari buruz gogoeta egiteko ere balio du: zertarako egin ezer, ezinezkoa bada? Horra gauzak aldatu nahi dituenak erantzun beharreko galdera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.