Gatazkaren izaera koloniala aitortzea da Palestina eta Israelgo egoera aldatzeko tresna, Rashid Khalidi historialariaren ustetan. Israelek Palestina okupatuta daukala onartzea, eta hortik abiatzea. Baina horixe da Israelen akabera. Hori onartzen badu, alde egitea dagokiola ere onartu beharko luke, eta horrekin batera urteetan egindako kalte guztia onartu eta erreparatu beharko luke... Eta hori eginda, ez litzateke oso posizio indartsuan geratuko ezein negoziaziotarako. Beraz, bere kasa ez du egingo. Nazioarteak giltza boteretsua du, eta presio handia egin dezake, baina interes geopolitiko asko ditu, eta kontzientzia ere ez du garbi juduekin. Nakba hasi zenetik 75 urte joan direnean, palestinarrekin izan duen jarrera aintzat hartuta ere, ez luke kontzientzia lasai eduki behar. Baina kontzientziak interesaren alde egiten du.
Ikaragarria da Palestinako herriak erakutsi duen erresistentzia. Khalidik nabarmendu du ez dutela «lider egokirik». Baina ez dute borroka utzi. Ez ditu etsiak hartu. Eta jarraitu egin dute. Erresistentziarako gaitasuna eta indarra argi frogatu dute, baina urrats bat gehiago behar dute. Ezinbestekoak izango dituzte lider indartsuak, kementsuak, eta estratega handiak, indar hori guztia ondo baliatzeko. Nakba ez dadin beste 75 urte luzatu.
HIZPIDEAK
Nakba amaiezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu