inaki petxarroman
HIZPIDEAK

'Nikolas Koperniko'

2017ko abenduaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Katalunian azken hilabeteotan izandako poliziak eta guardia zibilak euren jatorrizko kuarteletara itzultzeko erabakia hartu du Espainiako Barne Ministerioak. Bartzelonako eta Tarragonako portuetan ainguratuta egon dira zenbait itsasontzitan, eta herrialdean sakabatutako hainbat hoteletan ostatu hartuta. Zenbait momentutan, 6.000 agente ere aritu izan dira gobernuaren aginduetara.

Piolinak ezizenez ezagutu dituzte Katalunian Espainiako Gobernuak bidalitako poliziak, eta betiko gordeta eramango dute bozkatu nahi zuten herritarren aurka poliziek, urriaren 1eko errefenduma galarazteko asmoz, erakutsitako jarrera bortitza.

Operazio horren inguruko datuak sekretutzat jo izan ditu gobernuak, eta hala saihestu ditu Espainiako Kongresuan hainbat aldiz oposizioko alderdien galderak. Besteak beste, zenbateko dirutza gastatu duten hedatze horretan.

Poliziaren buruzagiek Nikolas Koperniko bataiatu zuten operazio hori, zergatik eta katalanak Espainiako kuarteletan poloniartzat jotzen dituztelako, Koperniko bera bezala. Zergatik eta katalana poloniera bezain gutxi ulertzen dutelako, alegia. Kuarteletan ondutako bururik ezean, zaila litzateke halako lotura antzematea. Errazagoa da asmatzea Kataluniaren gaineko polizia kontrolak Espainiaren esku jarraituko duela oraingoz, haiek joan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.