Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Normala ez dena ezin da normaltzat jo

2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sanferminetan bada egunero jende ugarik erreparatzen dion datu bat. Goizero-goizero errepikatzen den liturgia baten antzera, entzierroan zenbat zauritu egon diren jakinarazten dute osasun zerbitzuek, eta datu horrek leku esanguratsua izan ohi du hedabideetan, izan ikus-entzunezkoak, izan idatzizkoak. Bada, ordea, hainbeste leku ematen ez zaion beste kopuru bat ere; sanferminetan bezala, tamalez, uda osoan eta herri ugaritan errepikatzen den ia ezkutuko kontaketa bat: sexu erasoen kopurua. Festen amaieran egiten diren balantzeetan ematen dute, bereziki hiriburuetan, kontaketa horren berri. Zenbat eraso izan diren, zenbat atxilotu... eta ondoren zenbat zabor tona bildu dituzten; dena zaku berean joaten da festen osteko balantzean.

Alegia, euren borondatez entzierroan atera eta zezenek zauritzen dituzten horiek arreta gehiago izaten dute, festa giroaz gozatzera irten eta sexu eraso baten biktima izan diren emakumeek baino.

Festetako sexu erasoen ikusgaitasunari begira urrats handiak egin dira azken urteotan, eta lan horri segida ematea, eraso bakoitza salatzea ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere. Ezin da festetako balantzean kopuru bat gehiago izan, ezin da normalizatu normala ez dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.