Apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratu egin zituzten pentsaezina zelako bozkatzera joatea alarma egoeran. Baina uztailaren 12an jartzean, pentsa zezaketen agerraldiak egongo zirela —denon kezka izan da hasieratik—;denbora izan dute irtenbide bat aurkitzeko COVID-19ak kutsatutako pertsonek bozka dezaten, herritar ororen osasuna arriskuan jarri gabe. Baina ez. Hauteskundeak izan baino ordu batzuk lehenago hartu du erabakia Jaurlaritzak: debekatua dute gaixorik daudenek bozkatzea, eta, hala egiten badute, osasun publikoaren kontrako delitua egiten ariko dira. Bizitzeko eta bozkatzeko eskubideen artean bizitzarena gailentzen dela ondorioztatu du, eta Espainiako Hauteskundeen Batzordeak arrazoi eman dio. Baina legezkoa al da? Administrazioek har al dezakete oinarrizko eskubideei buruzko erabakirik? Eta ez al zaio Hauteskundeen Batzordeari botere handiegia aitortzen?
Galdera asko sortu ditu erabakiak, eta ondorioak izan ditzake aurrera begira. Legelariek gutxienez polemikotzat jo dute, eta Auzitegi Konstituzionalera hel daiteke auzia. Baina, horrez gainera, kezkagarria da pandemiak eskubide zibil eta politikoak murrizteko zabaldu duen zirrikitua, zeina agintariek erabil dezaketen interes jakin batzuen alde.

HIZPIDEAK
Oinarrizko eskubideak jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu