Galder Barbado. Ez da izena ageri Pegasus sistemarekin espiatu dituzten politikarien zerrendan. Baina badakite nor den, badakite non bizi den, badakite zein mugimendu egiten dituen, badakite nor diren haren lagunak... Badakite haren berri, espiatu dute. Eta ez da aurrena. Zein formula ez ote dituzte erabili CNIk, Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak, Ertzaintzak Euskal Herriko sektore jakin baten kontra?
Ez da denbora asko 13/13 auziko epaiketan defentsa abokatuek CNIren legez kanpoko entzuketak salatu zituztela. Defentsak epaiketan salatu zuen, eta prentsan ere bai. Ez zuten Pegasusek bezalako bozgorailurik izan. Eta, gainera, epaiak entzuketa haiexetan oinarrituta zigortu zituen hiru abokatu eta haiekin lan egiten zuen beste pertsona bat. Baina orduan ez zen orain bezainbeste jende asaldatu.
Argi adierazi zuen bere ustea Margarita Roblesek Pegasus auzia lehertu zenean egindako galderarekin: «Zer egin behar du estatuak norbaitek konstituzioa urratzen duenean, norbaitek independentzia deklaratzen duenean?». Bera ere espiatu zutela jakin zenean, bestelakoak izan ziren kontuak. Ez baita gauza bera nor espiatzen den eta zertarako. Carlos Iturgaiz PPko legebiltzarkideak are argiago hitz egin zuen, EH Bildu eta ERC Espainiako Sekretu Ofizialen Batzordean sartzea erabaki zutenean: «Nori okurritu zaio? Piraña bat bidetean sartzea bezala da».
HIZPIDEAK
Pegasus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu