Jaime Guzmanek, Augusto Pinocheten konstituzioaren idazleak, horrela azaldu zuen Txilen gaur egun indarrean dagoen testua: «Gure arerioak gobernura iristean, ea behartuta dauden nik neuk nahiko nukeen hori egitera; ea oso zaila gertatzen zaien besterik egitea jokalekuak ez dielako aukerarik ematen besterik egiteko».
Eta halaxe izan da: botere neutralizatu baten pean bizi da Txile. Politika ez da gai izan eskaera sozialei erantzuteko; botere politikoak ezin izan dio aurre egin botere ekonomikoari, eta ezin izan ditu herritarrak babestu abusuetatik. Izan ere, Pinocheten ondorengo gobernu neoliberalek ez dute oinordetzan hartutako eredua hobetu besterik egin. Munduan merkatu libreko akordio gehien duen herrialdea da. Pribatizatu daitekeen guztia pribatizatu dute: hezkuntza, osasuna, ura, garraioa, errepideak, basoak... Enpresek sekulako irabaziak izan dituzte kontsumo kredituen bidez, eta Txileko familia gehienak itota bizi dira, zorrez. Indar armatuek ere inpunitate osoa dute.
Horregatik nahi dute herritarren batzar konstituziogiletik eratorriko den testu bat. Plebiszituaren ostean, gobernua saiatuko da, hala ere, prozesurako beste formula bat erabiltzen. Baina protestak ez dira amaituko, pribatizazioak bere horretan iraun eta bizitzaren prekarizazioak jarraitzen duen bitartean.

HIZPIDEAK
Pinocheten oinordetza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu