Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Testak, irabazi handiko negozioa

2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Farmazietako antigeno testen festa dago azkenaldian Hegoaldean, inguruko norbaitek positibo eman edota norberak susmoren bat izan, eta botikara joan beste erremediorik ez du, sudur zuloak astintzeko gailua erostera, osasun etxeek berehala ematen ez duten zerbitzuaren premia dagoelako, positiboak kateatu daitezke eta. Arduratsu jokatu beharraren eta halabeharraren ondorioz, derrigorrezkoa bilakatu da erosketa saskian; derrigorrezkoa, ahal dutenen saskian.

Negozio ederra egiten ari dira herritarren beharren kontura. Gainera, test horiek ez dute ofizialki ezertarako balio.COVID ziurtagiriaren baliokide izan daitekeen antigeno testa eskuratzeko, zentro jakin batzuetara joan behar da Hegoaldean, eta 48 orduko ofizialtasuna besterik ez da lortzen, gutxienez 35 euro ordainduta. Iparraldean botiketan egin dezakete; txertaturik daudenek, doan, eta gainerakoek, hogei eurotik gora ordainduta.

Txertoa jartzea hautazkoa bada, hala izan behar duen eztabaidan sartu gabe, eta antigeno eta PCR testak egiteko beharra badago, doan izan beharko lukete leku guztietan eta egoera guztietan, unibertsaltasun eta berdintasun printzipioa urratu nahi ez badira. Ziurtagiriak, bere hutsean, eskubideak murrizten baititu, ez kutsatzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.