Begi bistakoa da, eta aitortu egin behar izan du Espainiako Enplegu ministroak, langabezia sariak emateko araudi berriaren aurkezpenean: PPko gobernuaren neurriak emantzipazioa bultzatu ordez, kalte egiten dio. Izan ere, gurasoen etxean bizi diren langabeek ez dute 400 euroko laguntza jasotzerik izango, oinordekoek diru sarrerak badituzte.
Etxeko bizilagun bakoitzarentzat hilean 481 euroko sarrerak daudenean, akabo langabezia saria. Krisiaren eraginez lana galdu, etxebizitza propioari eutsi ezin eta guraso xaharren habiara itzuli behar izan duen horixe, aurreko belaunaldiek amestu ere ezingo zuketen hezkuntza eta prestaketa jaso ondoren lan merkatuan lekurik gabe geratu den hori bera —kanpoan utzi duten hori—, are burumakurrago eta lotsatuago agertuko da atso-aguretutako gurasoen aurrean paga eske joan behar badu.
Beharrik handiena duten langabeek saria jaso dezaten erabaki du PPko gobernuak araua aldatzea, azaldu dutenez. Sendiaren babesa duena bere kasa —gurasoen kontura— moldatuko delakoan. Zilbor hestea hautsi nahi ez duen bizkarroi baten pare ikusiko duten beldurrez, lana serio bilatuko duelakoan.
Gazte-gaztetatik lanean hasi, gerra ostekomiseria gorria ezagutu, familia aurrera atera, seme-alabei ikasketak eman, eta jada erretiroa hartuta bizitzako azken urteak lasai antzean igarotzea espero zuten aitona-amona horiek, berriz, nola ikusiko ote dituzte etxeko bakea hautsi eta sos apurrak jende gehiagoren artean banatzera behartu dituzten oinordeko horiek? Emantzipazioa irabazia zuten, baina seme-alabak berriro beren bizkar hartu beharko dituzte.

Hizpideak
Zilbor hestea eten ezinik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu