Beharrezkoa, egokia eta neurrizkoa al da COVID ziurtagiria exijitzea Espainiako Auzitegi Gorenak dioen bezala? Espainiako Osasun Sistema Nazionaleko hainbat aditu ez daude ados baieztapen horrekin. Haien ustez, jendeak txertoa jartzea sustatzeko balio du, baina ez kutsatzeak eragozteko, pasaporteak ez baitu ziurtatzen kutsaturik ez egotea, eta ondorio txarrak izan ditzake gainera, lizentzia eman lezakeelako neurriak lausotzeko. Iparraldean aspaldian jarri zuten, eta kutsatzeak gorantz doaz nabarmen.
Pasaportea eta nortasun agiria eskatu behar izatea ere ez da batere samurra leku horietako langileentzat, batez ere gainezka daudenean eurei dagokien lana egiten. Poliziarena egitea egokitzen zaie, eta bezeroei, kontrolak pasatzea.
Txertaturik ez dagoenak, berriz, ez du eskubiderik dantza egitera edo musika entzutera joateko. Horiek ez dira oinarrizko eskubideak, ez epaileentzat eta ezta gobernuentzat ere; ez ditu urratzen berdintasuna eta elkartzeko eskubidea; eta helburua bada txertoa jartzera behartzea, Hegoaldean ez da jende askorik geratzen, umeak ez badira.
Osasun zentroen arreta zerbitzua erorita dago; ez dago baheketak egiteko jenderik; gurasoak aztoratuta dabiltza umeak etxean utzita lanera joan behar dutelako. Herritarrak gehiago kontrolatzeak ez ditu gabezia horiek konponduko.

HIZPIDEAK
Ziurtagiria zertarako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu