mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Zumosoleko lehengusua

2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
Espainiako telebista kateek 1990eko hamarkadan eman ohi zuten iragarki bat aski ezaguna egin zen Hego Euskal Herrian: Zumosoleko lehengusuarena. Haur batek handiagoa zen bertze haur baten jazarpena jasaten zuen eskolan, eta, defendatzeko, txikiak mehatxu egiten zion lehengusua ekarriko zuela. Eta han agertzen zen lehengusua, gizon gazte gihartsu handi bat, indarra ematen zion zukua lastodun brik batetik edaten. Jazarlea segidan ikaratzen zuen. Iragarkiak hain arrakasta handia izan zuen —zukuak baino handiagoa, erraten ahal da—, Zumosoleko lehengusua kontzeptu bat bilakatu zela garai hartan, adierazi nahi zenean gatazka batean aldeetako batek muturtuta dauden biak baino azkarragoa den norbaiti deitu diola laguntzeko.

Iragarkiaren irakaspenaren arabera, txikiak deitzen zion Zumosoleko lehengusuari handienari lezio bat emateko. Baina iragarkia denek ikusi zuten, baita alderdi, sindikatu, abokatu eta norbanako euskarafoboek ere, eta pentsatuko zuten ahulenari irabazteko balio bazion, zer dela-eta azkarrenak ere ezin ote zuen gauza bera egin. Eta hor lortu dute 2020ko hamarkadan Zumosoleko lehengusu berria, giharrak toga beltzarekin tapatuta dituena eta eskuan zuku brik bat eta lastoa beharrean, Espainiako Konstituzioa eta horren 3. artikulua daramatzanak, handienaren alde egin eta txikiena zanpatzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.