Homeopatia, laharra eta sasia

BERRIA.
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Homeopatiari buruz dakidan gauza bakarra zera da: ez dakidala ezer ere. Ez nuen haren gaineko formakuntzarik jaso, ezta medikuntza fakultatean ezta ospitaleko prestakuntzan espezializatuan ere. Harrezkero, erakundeak lanaz zamaturik, bide guztietatik homeopatikoa ez den dosian sartuta, ikasteko gogoa xahutu eta berrikuntzarako zirrikitu eskasak itxi zaizkit. Bihotz gabe eta itsu, ezin homeopatiaren laharrak bildu.

Labea ahotik berotzen da, eta ni ez naiz isilik egoten. Hitz egin, ezen praktikatu sekula ere ez. Izan bedi argia.

Medikuntzak baditu bere oinarriak, zimenduak, garaian garaiko eta tokian tokiko paradigmak. Aginduak, arauak. Lehenik eta behin, Sinai mendiko irakaspenak bezain zaharra, eta garrantzitsuena, minik ez egitea da, primum non nocere. Arlo honetan, hogeita hamaika eskutik, homeopatiak Moisesen agindu zorrotza bete du, ez hil inor. Darabiltzaten pilulek nekez erasango dituzte alboko ondorioak, izan ere ura bera, bizitzaren muina, medikuon garunaren mamia, kolorerik, zaporerik, usainik ez duen hori, neurririk gabe hartuta arriskutsuagoa izan baitaiteke. Homeopatia ez baita mundu honetakoa. Medikuntza ofizialean jarduten dugunok kalte gehiago eragin ditzakegu gure ohiko tratamenduekin.

Bigarren agindua, eskura daukagun ebidentzia zientifikoan oinarritu behar dugula gure jarduna. Gure egunerokoan agintzen ditugun tratamendu eta prozedurek euren eraginkortasuna frogatu behar dute. Zentzu honetan, tratamendu homeopatikoek ez dute ezer frogatu; ez daukate inolako onurarik, plazebo efektuez harago. Onuragarria izan daiteke edonorentzat sinestuta baldin badago. Lagadoko akademiaren bermea dute.

Dogmatikoa naizela ematen du, bata zuri fin bordatuaz jantzia; ezta pentsatu ere. Ez gaizki ulertu; medikuok ere noizean behin pentsamenduak josten ditugu. Hirugarren agindua pazientearekiko harremana da: pertsona ardatz hartzen duena. Hortara homeopatia oso egokia izan daiteke, sendagile eta pazientearen artean konfiantzazko harremana baldin badago. Lagun hurkoari laguntza eskain diezaioke sasi artean. Hori eredu tradizionalean ere gerta zitekeen, medikuari horretarako astia emango balitzaio, baina paziente bakoitzeko hamar minutu baino ez zaigu uzten sarri.

Homeopatia medikuntza tradizionalaren osagarria izan daiteke, euren kezkak, ardurak eta gogoa adierazi nahi duten horiei arreta eskaintzen badie. Maiz medikuntza ofizialak egiten ez duena. Azken batean osasun sistemaren hutsuneak agerian uzten ditu, aukera handirik gabe protokoloz protokolo eramango zaituen uhal garraiatzailea. Beste gauza bat litzateke gure jardueran pazienteekin behar eta merezi duten denbora emango bagenu, errespetuz eta parekotasunez harreman sendoa eraikiz. Jarraitutasuna funtsean. Beharbada ez genuke homeopatiarik, ez besterik beharko.

Homeopatia ez da kaltegarria, ez da arriskutsua, baina zeruaren ateak zabaltzen zaizkizunean, ez da iheslekua izango. Bihotzekoak jota zaudenean, ospitaleko atetik sartuko zara heriotzako sarrerarik irteteko. Aitaren etxera bueltatuko zara, tratamendu egokiaren bila. Minbizia badaukat, hobe lehen baino lehen tenplura joaten banaiz; homeopatiak nekez lagunduko dit. Infekzio batek amilkatzen bazaitu, har ezazu antibiotiko bedeinkatua, medikuaren haragia eta odola. Luzamendutan ibiliko zara, homeopatiaren magalean gerokoak geroko utziz, baina lehen baino berandu, gure etxean sartuko sartuko zara, ahuspez. Beldurra, medikuntzaren laharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.