Koloreen artean ere hierarkiak daude, abizenak, esanahiak. Kolore horia, esaterako, kolore primarioa da, espektroko argiena, kolore beroa. Antzinako greziarrentzat hori Apolorena zen, kristauentzat Judaren kaparena, islamarentzat jakinduriarena. Antzerkian zorte txarra ematen omen du horiak, txinatarrei zorte ona, eta Txinako antzerkian enperadorearen kolorea da horia. Koloreen psikologiaren arabera, kolore horia zoriontasunaren kolorea omen da, baina esango nuke egun gehiago dela platanoarena, post-itena, taxiena, Frantziako Tourrarena, Frantziako txalekoena, kanarioarena, Oriorena, Aristiren libretarena, eguzkiarena eta ekaitzaren alarmarena.
Wassily Kandinsky pintoreak koloreak entzun egiten zituen, harmoniak ikusi eta musika pintatu. Kolore horia ikustean tronpetaren soinua entzuten zuen, eta tronpeta bat entzun aldiro ingurua hori ikusi. «Horia kolore lurtar tipikoa da. Amorrua dario, intrusiboa da, eta ezin du sakontasunik izan. Eromenean gehien pentsarazten digun kolorea da». Gurean, horia Lekarozko Aroztegiaren kolorea ere bihurtu da. Erokeria baten aurrean, tronpetak, gorputzak eta lurraren soinua.