Hou Yifanen kasketa

BERRIA.
2017ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Hou Yifan xakelariak nahita galdu zuen Gibraltarko Tradewise torneoaren azken txandan, protesta gisa, txapelketa horretan zozketaz —epaileek eta antolatzaileek diotenez— egokitu zaizkion kontrarioengatik kexatzeko. Houk —emakumea bera— susmoa zuen manipulazioren bat izan zela, hamar txandetan zazpi emakumeren kontra aritzea tokatu baitzitzaion, nahiz eta parte hartzaile guztien %20 baino gutxiago izan andreak. Aditu ez garenoi ez digute aski informazio eman kontu horri buruz, zeren, bikoteak nola aukeratzen dituzten azaldu badigute ere, ez baitugu ulertzen zer eragin duen sistema horrek torneoaren azken emaitzan eta munduko sailkapenean. Horrekin, pentsarazten digute Hourena ez zela izan kasketa hutsa besterik. Gertatu denak badu garrantzirik inondik ere, eta, gainera, hedabide eta analistek ez ikusia egin diote zeharo, baina, ñabardura teknikoak alde batera utzita, Houren protestak agerian utzi du zer-nolako genero desoreka dagoen xakean. Munduko sailkapenean goren dagoen emakumea da bera, eta, gaur egun, 105. postuan dago.

Gaia serio samar aztertu dutenek diote bi arrazoi daudela horren atzean. Alde batetik, estatistika: bi talderen parte hartzearen aldea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera handiagoa dago kalitate handieneko norbanakoak talderik ugarienekoak izan daitezen; beraz, xakeko parte-hartze tasek azalduko lukete gizonen eta emakumeen arrakastaren artean nabari den aldearen %96. Baina, bestalde, kontu psikologikoa dago. Zenbait azterlanen arabera, emakumeek huts gehiago egiten dituzte gizonen kontra ari direnean, beste andre batzuen kontra ari direnean baino —halaxe gertatzen da beste egoera batzuetan ere, menderatze harremana duten taldeetako gizabanakoak aurrez aurre jartzen direnean—. 'Estereotipoaren mehatxuaren teoria' delakoak honela dio: norbait beldurrez badago bere taldearen estereotipo bat beteko ote duen, orduan joera izango du okerrago jarduteko.

Dudarik gabe, jendeak etengabe elikatzen du xakean emakumeak gizonak baino okerragoak direlako estereotipoa; zenbaitetan, baita xakelariek berek ere. Duela urtebete pasatxo, adibidez, Nigel Short sailkapeneko 65.ak esan zuen andreek besterik gabe ez dutela bururik xakean aritzeko. Salbuespentzat hartu beharko dugu, bada, Judit Polgar, zeren berdindu ez zuten 11 alditatik zortzi aldiz irabazi baitzion Shorti berari. Shortek hiru aldiz baino ezin izan zion irabazi. Halaber, salbuespen gisa hartu beharko dugu Dronavalli Harika ere, zeina erraz gailendu berri baitzaio Short ingelesari Gibraltarko torneoan. Txapelketa horretan, egiaz, emakume ugarik irabazi diete beraiek baino gorago sailkatuta dauden gizonei, baina, beharbada —edo beharbada ez—, Hou Yifanen protestak itzal egin die horiei guztiei.

Estereotipoak alde batera utzita, eta bikoteak hautatzeko sistemak sailkapen orokorrei nola eragiten dien ez dakigula oraindik, Yifanen haserreak gauza bakarra utzi digu argi: bera existitzen dela. Munduko xake lizentzia guztien %5 baino gutxiago dira emakumeenak, eta, zain geratzen bagara ea neskatilek noiz aurkituko erreferenterik, gogoa izan dezaten xakeko eta beste kirol batzuetako giro hipermaskulinizatuetan sartzeko, orduan ez dirudi zifra horiek hobera egingo dutenik. Lizentzietan aski parekidetasunik ez duten kirol klubei diru laguntzak kentze hutsak alda dezake egoera. Halaxe ikusiko genituzke entrenatzaileak eta federazioetako agintariak nesken parte hartzea bene-benetan sustatzen: komeniko bailitzaieke, komeniko litzaiekeenez. Gainera, horrela, ikusiko genuke neskei izugarri gustatzen zaiela jokatzen pilota, futbola edota xakea.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.