Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Inoizko uztailik onena

2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Irakurleari ariketa xume bat proposatu nahi diot: zutabe honen izenburuko esaldia hartu eta asmatu haren inguruko testuinguru bat. Niri, ia automatikoki, nerabeei buruzko udako film bat iradokitzen dit izenburuak, gaztaroaren eta helduaroaren arteko garai gazi-gozoak islatzen dituztenen haien gisakoa. Baina harago joan gaitezen eta, ariketaren baldintzak gehiago finduz, imajina dezagun gure esaldia albiste asmatu bati egokitu behar diogun lerroburua dela. Ez dut oraingo honetan esango nik zer irudikatzen dudan, bakoitza sugestiorik gabe jolas dadila bere gustuko gertakizunak sortuz, biharko berripaperean irakurri nahiko lituzkeen modukoak.

Nik duela egun batzuk ariketa bera egin eta, jarraian, nire sorkuntzaren emaitza egun hartan irakurri nuen albiste batekin erkatu nuen, errealitatearen eta neure imajinazioaren arteko tartea zabalegia ote den ikusi nahian. Albiste hartan zioenez, «inoizko uztailik onena» izan berri dutenak zein eta Euskal Herriko zenbait aireportu dira. Historiako aztarna ekologikorik txikiena izan dutela adierazi nahi al zuten aireportuko arduradunek? Azken hogei urteetan munduko hegaldiek aurreko 60etan bezainbesteCO2 isuri dute; joera horri buelta emateko gai izan direla esan nahi zuten? Gure ariketako albistegi imajinarioan beharbada bai; errealitatean, ordea, inoiz baino bezero gehiago izan dutela jakitera eman nahi zuten, besterik ez.

Xanpaina ateratzeko modukoa? Bizi garen klima larrialdian, karbono gehien isurtzen duen garraiobidearen errekorrak ospatzeak konnotazio ezin ilunagoak dauzka. Posible da horrelako albisteak irakurtzea eta kezka sakon bat ez sentitzea? Egoera honetara ekarri gaituen hazkunde mugagabearen logika suntsitzaile itsuari eutsiz agian bai, ez bestela.

Behin baino gehiagotan pentsatu dut zutabe hauek idaztea Berri Txarrak taldeak dagoeneko askoz modu sinpleago, dotoreago eta zuzenagoan esandakoari eranskinak gehitzea baizik ez dela. Egun hartan, albiste hura irakurri eta segituan neure buruan bateria, distortsioa eta hitzak ezin ozenago entzuteko gai izan nintzen: «Haien berri onak gure berri txarrak direlako...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.