Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Iritsi da ordua

2014ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kataluniako presidenteak atzo sinatu zuen dekretuaren bidez egingo da azaroaren 9an herrialdearen etorkizun politikoaren inguruko kontsulta. Dekretua sinatu izana, nolabait, bide luze baten amaiera da. Baina, horrez gain, eta batik bat, bide berri baten hasiera da, bidegurutzea. Espainiako Estatuak jakinarazi du galarazi egingo duela kontsulta, eta denen kontrako eta denaren kontrako zigorrekin mehatxu egin du. Ikusiko dugu noraino irits daitezkeen, eta ikusiko dugu zer eragiten duten. Izan ere, hemen inork ez du atzerapausorik emango; Fermin Muguruzak esango lukeen bezala, «abiada hartzeko ere ez».

Gaur egungo egoerak gogora ekartzen dit 1976. urtea, 1977a... Ez dakit zuri ere berdin gertatuko zaizun. Gogora ekartzen didan garai hartan, gauero-gauero lokartzen ginen hurrengo egunean zer gertatuko zen jakin gabe, jakin gabe gobernatzen zuten erakundeak hurrengo egunean existitu ere egingo ote ziren.

Aurrekoan jardun genuen Bartzelonako manifestazioan, eta uste dut orain BERRIA eta VilaWeb-en irakurleei azaldu diezaiekedala: gaurtik aurrera, atzotik aurrera, edozer gerta daiteke, eta prest egon behar dugu, zer gerta ere. Ez da erraza izango, hala da, baina zailagoa izango da haientzat. Aurreko asteko ostiralean, gure parlamentuak Kontsulta Legea onartu zuen; aldeko 106 boto izan zituen, eta kontrako 28: nabarmena aldea. Aste honetan, berriz, 800 udalek onartua dute mozio bat, zeinaren bidez konpromisoa hartu duten kontsulta egin dadin laguntzeko. Irailaren 11ko manifestazioa gogoratuta, azkenean, marraztuko dugu herrialde honen presio demokratikoaren koadroa; herrialdeak berak jakin du presio hori eratzen, eta erabili egingo du aurrerantzean. Horiexek dira gure armak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.