Elkar ezagutu zuten modua zein izan zen jakiteak ere harritu egin nau. Bresten ziren Albaola elkartekoak, nazioarteko partaidetza handia zuen estropada batean. Abiatu zen estropada eta aurre samarrean aurkitu zuten euren burua. Parean, beste ontzi bat, irlandarrena. Euskaldunen lemazainak, adeitsu, eta ez modu nabarmenegian, brankapetik aterata kolore iluneko botila ardo uste zuena luzatu zion irlandarren patroiari, eta honek esker onez hartu. Handik puska batera, hurrengo geraldian edo, irlandarren proela izan zen euskaldunen proelari botila bat luzatu ziona. Euskal ontziko proelak botila hartu eta, esker oneko bera ere, trago bat egin zion. Eta harriduraz egin zien oihu tripulaziokideei: «Joder! Irlandar hauek ere patxarana edaten ditek!».
Gernikatik Donostiara euskaldun eta irlandarrek bake-akordioaren alde egin dugun arraun zeharkaldian irlandarren esanei egon naiz batik bat adi. Espero zitezkeen gauzak entzun ditut; espero ez nituenak ere bai. Eta ez dira falta izan zer pentsatua eman didatenak ere.
Galdera egin genion irlandar katoliko bati ea hizkuntza gaelikoak eta berreskuratze prozesuak zenbateko garrantzia zuen eurentzat. Erantzun zigun hainbesterainokoa ere ezetz. Beraientzat garrantzitsuagoa zela euren kirol propioak bultzatzea eta indartzea. Eta gu, euskaldunak, ahoa bete hortz. Guretzat, euskarak egiten baikaitu euskal herri. Euskararik gabeko Euskal Herririk ez zaigu burutik pasatu ere egiten. Sokatira, lokotx-biltzea, idi-probak edo pilota bera galtzea ez litzateke inola ere hizkuntza galtzearen proportzioko galera. Baina… mundua begi desberdinez ikus daitekeela ikasten duzu. Eta eskarmentuak erakusten dizu hori kontatu ziguna pertsona bat izan zela eta euren komunitatean beste asko izan daitezkeela, eta izango direla, hizkuntza berreskuratzeari funtsezko tokia ematen diotenak. Nireen antzeko eskematik ari zen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea Aieten egin ziguten harrera hitzaldian, hitz batzuk gaelikoz egitera ausartu zenean. «Barkatu, ez dakit gaelikoz ongi ahoskatuko dudan baina…». Oso ongi ahoskatu zuen. Aurrean ez zen bere ahoa baino belarri iaioagorik batere.
Berradiskidetzeari buruz ere ikasi dut zerbait. Irlandar unionista bat ere bazen gurekin taldean. Gaztetan Britainia Handiko Armadako partaide izana, indarraren bidez arerioak xehatzen ohitua seguru samar, gerora musika ikasketak burutu eta irakasle da orain, eta martxa orangistetan musika joz aurkitzen omen du bere desira kultural eta politikoek bat egiten duten lekua. Akordioaren aldeko itsas-zeharkaldian partaide genuen bera ere. Eta adiskidetze hitza entzutean sudurra muzinduta bota zigun: ez dela hain samurra. Ondoan zituenak lagunak izan balitu ez zeukakeela adiskidetu beharrik. Etsaiekin adiskidetu behar dela, edo adiskidetu ez bada ere, elkarbizitzarako oinarriak adostu. Horretara goaz, nahiz lanak zailtasunak badituen.
Hiru egunetako hizketaldi eta arraun paladen ondoren Donostiako portura heldu ginenean kontrastea gogortxoa gertatu zitzaidan. Pasiatzaile eta turista asko ziren bertan, uztaileko arratsalde ez euritsu bati dagokion bezala. Gehienek argazki edo bideo kamera bat zuten eskuetan eta gure joaldun taldea, trikitilariak eta urdinez jantzitako arraun-eroaleak tentazio handiegia ziren eurentzat. Botoi bati klikatekoa eragin eta zerbait harrapatuaren ustea izango zuten. Gero, gaur bertan akaso, borratu egingo dituzte irudiak. Edo memoria-ren batean gorde. Eta hori bera izango da, tamalez, buruan ez gordetzeko modurik onena.
Esan beharrik ez da Bresten euskaldunen patroiak botila ardotzat pasa zien patxaran botila bera zela irlandarrek euskaldunei itzuli zietena. Baina euskaldunen proelak ez dakit bazekien ere botila bat pasa zietela irlandarrei eta euskaldunen patroiari ere datuak lotzea kosta egingo zitzaion, berak ardoa eman ziela uste baitzuen. Bake prozesuetan ere halatsu. Izango dira gorabehera eta ezustekoak. Izango dira konplikatuak diruditen uneak eta irtenbide errazekoak. Eta izango dira errazak diruditen korapilo askagaitzak ere. Bada esaera bat dioena ez dela aldeko haizerik nora doan ez dakienarentzat. Eta horretatik libre gaudela dirudien honetan, gainerako zailtasunak gainditzeko modukoak direla ematen du.
Plazatik
Itsasotik begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu