Iñigo Aranbarri.

Izan gaitezen serioak

2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

Korrika Korrikarena egiten, hain berea duen moldean. Antxintxika karran saltaka galopan lasterka gau eta egun, ume batek klarionaz plaza zolan nola, hari bati segida ematen, edizioz edizio antzeko irudia osatzeko azkenean. Tarteka, negar anpuluak eragiterainoko izerdia. Hara barne-mugarik gabeko herri bat, ttipi-ttapa, gogoa amets, ttipi-ttapa, oinak hego. Aurten, lelo bera Baionatik Gueñesera gazte eta haur askoren eskuetan: Azterketak euskaraz. Politikarien hitzek ekarriko ez duten hizpidea, aldarri bihurtua. «Zer arazo dute Gueñeseko umeek azterketak euskaraz egiteko?».

Anartean, lehendakariarena egiten lehendakarigaia: «Izan gaitezen serioak!». Serioak, Osakidetzan euskaraz artatua izateko eskubideaz galdetuta, bere alabatxoarekin joan denetan «jatorri latinoamerikarreko mediku bikainek» ezin hobeto hartu dituztela azaltzeko, «euskara ez da Osakidetzan sartzeko hesia» finkatzeko. Serioa izatea jatorria eta hizkuntza nahita nahastea baita. 8 euskal abizeneko mediku erabat erdaldunik ez balego bezala, atzerritik etorritako mediku euskaldun onik ez balego bezala. Bere-berea du hizkera politikoak manipulazioa.

Bi munduok, korrikalariena eta politikariena, apartean bizi direla pentsatzea litzateke errazena. Iraungiko dira, alabaina, Baionan argiak. Eta euskaldunak, ospakizuna maite badu ere, badaki zer dakarkion biharko egunak, etzikoak eta etzidamukoak. Korrikan ibili den asko itzuliko da probintzialkeriaren militantziara, eta ez dira gutxi izango, hizkuntzaren jabe izanik, erdaraz arituko direnak euskaraz ari direlakoan. Denei urratuko zaizkie eskubideak. Baina ez esan horrela. Txorakeriak utzi eta serioak izateko garaia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.