Gure herrialdeak ederki ezagutzen ditu frantsesak. Zuen eta gure iparraldeek, Parisen boterearen mende, ezin dute esperantza handirik izan Frantziaren esanahiari dagokionez. Frantziarrek asmatu zuten jakobinismoa, eta zorigaiztoko ondorioak izan ditu gure herrietan.
Hori alde batera utzita, Frantziako hauteskunde kanpainak ezin pentsatuzko egoerak ekarri dizkigu egun hauetan. Lehenik, Melenchonek: jendaurrean, Kataluniak independentziaren inguruan botoa emateko duen eskubidearen alde egin zuen. Gero, Fillonen hitz sonatuak etorri ziren: independentziari buruz galdetu zioten halako batean, eta barne kontuaren zera hori esan zuen, eta ez zuela hitz egin nahi. Estutu egin zuten, ordea, eta orduantxe lehertu zen: adierazi zuen ez zuela ulertzen nolatan debekatu ahal zaion herri bati erabakitzeko eskubidea. Harago ere jo zuen, esanez ez dela posible demokraziaren gainetik jartzea muga baten defentsa. Eta, biribiltzeko, esaldi zuzen eta irmo bat: Kataluniaren independentzia ez dela tabu bat. Azkenik, aste honetan, Korsikan, Macronek adierazi du Frantziako Konstituzioa aldatzearen alde dagoela, baldin eta beharrezkoa bada uharte horren beharrei erantzuteko.
Bistan denez, korsikarrak ez dira fidatu, eta euskaldunak eta katalanak ere ez. Hala ere, ezin gutxietsi zer-nolako kontrastea dakarten halako adierazpenek. Espainiaren aldean. Eta Frantziako Gobernuak ETAren armagabetzearen inguruan hartutako jarrera ere bada beste elementu interesgarri bat.
Argi dago Frantziak ez diola uko egin jakobinismoari. Hango eztabaida demokratikoa, ordea, oso dago frankismoaren oinordeko den Espainiako Estatu horretakoaren gainetik. Eta hortxe dago aldea, segur aski: horixe da Fillon, Macron eta Melenchonen eta Pablo Iglesias ez beste edozein politikari espainiarren arteko aldea. Haiek, beren proiektu nazionalari uko egin gabe, badakite eta ulertzen dute arazo politikoak demokraziaren esparruan konpontzekoak direla. Botoa emanez.

ENBAXADA BILA
Jakobinoak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu