Ez dut ulertzen zer presa dagoen urteaz aldatzeko. Gaur (edo atzo) 2023. urtean sartu beharra modetara makurtzea dela iruditzen zait, esnobismo hutsa. Ematen du denok ez badugu urtea aldi berean hasten, hurrengo denboraldia ezeztatuko digutela, Netflixek (eta seguruenik beste plataforma batzuek ere) egiten duten bezala. Esanguratsua da hori. Bat-bateko arrakasta ez denak dagoeneko utzi dio arrakasta izateari. Bat-bateko eta aldi bereko, jakina. Esan gabe doa. Horrek esan nahi du, 2022ko lehen erdian estreinatutako telesail bat gaur (edo atzo) ikustera jarriko banintz, horrek ez lukeela eraginik izanen inon, ezpada neure buruarengan. Baina horrek ez omen du axola. Gauzak ez ditugulako kontsumitzen nork bere burua asetzeko, komunitatea egiteko baizik, zerbaiten (eta noizbaiten) parte sentitzeko baizik, konektatuta zaudela munduari (eta zeure buruari) demostratzeko. Izan ere, kontrakoaz, zure deskonexioaz, ez zen inor jabetuko.
Oraindik ez dut erabaki 2023. urtean sartu ala ez. Oraindik ditut 2022ko gauza asko egiteke. Eta 2022an egiteke nituen gauza gehienak aurreko urtetatik zetozkidan. Aurten berrargitaratu ez den eleberri klasiko bat, bere momentuan norbaiti 900 pezeta kostatu zitzaiona, leitzen ari naiz.

JIRA
2022
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu