Jira

Aberria eta hil

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Adiskidetzen ari naiz aberriarekin, erkideekin, masarekin; inoiz berriro haserretzeko modua izatea opa nahi diot neure buruari.

Masa ez da era batekoa, aldatu egiten da, moldatu egiten da, irauteko senak bizi du, bizi beharrak darama egun batetik bestera bildu eta desegitera; telebistaren aurrean batzen da, sakabanatuta izan arren, futbol partida bat ikustera: noski, ez da futbol partida axola zaiguna, ez da jokoa, ez da futbola ikusten duguna, guda zelaia da, norgehiagoka, izua eta odola, gudara garamatzaten oihuak, eta tradizioa, historia, masa baten egituratzea bideratu duten arima guztien dantza astuna.

Erkideak asko dira, ez ditut ezagutzen denak, autobusetik ikusten ditut, telebistan ikusten ditut, parean tokatzen zaizkit tabernan, oporretan kanpora joaten dira, hondartzara, Zarautzera, esate baterako, eta izozkiak erosten dituzte arratsalde partean. Haurrak dauzkate, edo izateko asmoa. Geroari zein izen jarri pentsatzen ematen dituzte igande arratsaldeak.

Aberria zer den, ez da erraza esaten. Hildakoen arimak,beharbada. Hizkuntzaren kontzientzia, seguruena. Eraitsi zituzten etxeak, betirako aldatu ziren lekuak. Gurasoak. Lagunak ere bai.Gu hil ostean geratuko dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.