Ez dut oso argi nork, Erresuma Batuko Gobernuak ala Erreginaren Etxeak berak Netflix plataformari eskatu omen dio The Crown telesailaren kapitulu bakoitzaren aurretik ohartarazteko bertan ikusiko duguna fikzio lan bat dela eta ez duela zertan bat egin benetan gertatutakoarekin. Asteburuetan ematen duten bazkalondoko telefilmekin bezala, baina alderantziz. Laugarren denboraldian Lady Di ateratzen da, oso aktore antzekoa bilatu dute, zeharkako begirada tristea berbera du. Monarkiaren aldekoak zirrarak hartuko zituen.
Gauza jakina da fikzioak errealitatean eragin dezakeela (pentsa, Erresuma Batuan txertoa jaso duen lehen andreak 90 urte zituela aditu, eta irudian erregina agertzea espero nuen). Jendeak biak nahastera jotzen du. Oroitzapenak beraiek zer dira? Ni berez disclaimer horren aldekoa naiz. Gehiagotan erabiliko nuke. Ondokoari maizago abisatu beharko genioke kontatzera goazen horrek ez duela zertan bat egin benetan gertatutakoarekin. Zer esanik ez ni-aren literatura delakoan. Baina asko galduko luke horrela.
Beste aukera bat, agian erosoagoa eta merkeagoa, kontrakoaz ohartaraztea litzateke. Komeni zaigu horretan pentsatzea: Altsasu, Patria, Alardea. Imajinatzen duzu bertan agertu guztia egiazkoa balitz?

JIRA
Abisatuta gaude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu