Angel Erro.
Jira

Adarra

2014ko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostia Kulturak Adarra Saria sortu du Euskal Musikaren alorrean diharduen edo jardun duen artista baten ibilbidea eta lana aitortzeko. Egunkari honetako edizio digitalean leitu dut Mikel Laboak irabazi duela lehen Adarra Saria. Hildakoei ez zaie saririk ematen, aitorpena baizik: plaza, oroitarri, liburutegi, geltoki, sariei ematen ahal zaie omendu nahi dugun pertsona hilaren izena. Mikel Laboa Saria edo, hartuta balego, Mikel Laboa euskal musikaren Saria izendapena eta ohorea hobetsiko nuen, inondik ere, donostiarraren ekarpena, oraindik gogoan ongi atxikia duguna, aitortzeko. Batetik, zer da sari bat, saridunak ezin badio uko egin?, eta, bestetik, bizidunok nahikoa lan daukagu, bizirik gareino, arduratuta zer sari eman ez diguten, lehian bizigabeak ere endredatzeko, saririk ez eskuratzeko aukerak ankerki biderkatuz eta sarien zerizan bidegabea zeruraino igoaraziz. Zeren, zergatik ezin zitzaion Iparragirreri ere eman? Edo Carnegie Hallen estreinatutako Euskal Sonata-ren egilea den Aita Madinari? Edo Maisu Turrillasi? Edo Maurice Raveli? Edo Cesareo Gabaraini? Edo Pablo Sarasateri? Ez dago munduan saritu nahiko ez lituzkeen epaimahairik.

Barka, adarra jotzen baino ez nintzen ari. Zorionak Mikeli.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.